La Salle San Luisen ere...
BARATZEAN GATTUNK!
-
Gure eskolan altxor bat daukagu: BARATZA. Altxor hori betidanik egon da eskolan, baina egon dira urteak ezkutatuagoa egon dena. Azken urteetan, berriz, altxor hori berriro aurkitu, hautsa kendu eta berpizten aritu gara. Eta oraindik ere altxor horri ahalik eta etekin handiena ateratzeko lanean ari gara San Luis La Sallen.
-
Baziren urte batzuk non ikasleek ia etzekiten patioko burnizko ate horretatik haratago zer zegoen. Zerbait entzunda zuten, irakasleek kontatuta, Anaien batek kontatuta edo ikasle helduenek kontatuta, handikan txikientzako parke bat eta baratza bat omen zegoela. Egunen batean, zer zegoen ikusteko jakinminez, bertara gerturatu eta belar luzez, kaseta zahar batez eta bere garai hoberenak pasata zituen haur parke batez osatutako zelai bat ikusi arte. Denoi pasatzen zitzaigun burutik pena handia zela toki hori ez aprobetxatzea, baina buelta erdia eman eta gure egunerokoan jarraitzen genuen.
-
Hori halaxe izan zen denbora luze batean zehar, pentsamendu horiek ekintzetara eraman nahi izan zituzten irakasle eta ikasle talde batzuek beraien indarrak batu zituzten arte. Zabaltzeko taldeak, DBHko teknologiako ikasleak, auzolanak, irakasleak, familiak eta hainbat talde eragilek, Zuzendaritza Taldearen gidaritzapean, burnizko ate horri herdoila kendu eta parez pare ireki zuten. Gaur egun ez dago inor eskolan ate horretatik atzera zer dagoen ez dakiena.
-
Gure ustez oso garrantzitsua da ikastetxeetan horrelako gune bat izatea, natura eta ingurugiroarekiko harremana indartzea asko errazten baitu. Askotan kurrikulumeko edukiak oso teorikoak dira eta ez ditugu benetan ikusten “bizitza errealeko” gauzak.
-
Baratzarekin, naturak nola funtzionatzen duen ikasten hasi gara, nola tratatu behar den eta nola erabili daitekeen modu jasangarri batean. Baloratzen ikasten ari gara eta errespetatzeko arrazoi gehiago izaten.
-
Baratzaz gain, espazio berri horretan jolasteko, lan egiteko eta elkarbizitzeko guneak sortu dira, naturak ematen dizkigun milaka aukera horiek aprobetxatuz.
-
Gure ikastetxean baratza bezelako espazio bat izanagatik oso zorionekoak sentitzen gara eta urte askoan bizirik mantentzea nahi dugu!